XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasturtearen hasiera etxeko ekonomiaren gastu garrantzitsuenetako bat izan daiteke

Ikasturtearen hasieraren kostua ia 27.000 eta 200.000 pezeten artekoa izan daiteke, EKAren arabera

Ikasturtearen hasiera gain gainean dugula eta, gurasoak seme-alabek erabili behar izango duten material guztia prestatzen hasi behar dira.

Baina hau ez da lana bakarrik, etxeko ekonomian urteko gastu garrantzitsuenetariko bat izaten baita ikasturte eskolarraren hasiera.

Horixe esan du behintzat, EKAk, Euskadiko Kontsumitzaileen Alkarteak egindako ikerketa batek.

Honen arabera, eskolara itzultzeak, Euskal Herrian 200.000 pezetako kostua suposa dezake guraso batzuentzat.

Gastuaren kopurua seme alabak ikastetxe publiko, konzertatu edo pribatu batera joatea aukeratzearen araberakoa izaten da.

Horrela, ikastetxe pribatu bat hautatzekotan, lehenengo hilabetean, hau da, irailean, guztira, hilabeteko kuota barne, ia ia 200.000 pezeta ordaindu beharko lituzkete gurasoek.

Ikastetxe publikoetan, materiala eta liburuak ordaindu behar dira.

EKAk egindako azterketaren arabera, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, testu liburuen kostua 15.000 pezetakoa izan daiteke eta koadernoekin batera, ia 20.000 pezeta izango da.

Ikastetxe konzertatuetan jantzien gastua gehitu behar da eta hauek beste 30.000 bat pezeta gehiago izan daitezke (garestienak 80.000 pezeta kosta badezeke ere).

Gurasoek urtean zehar garraio eta jantokietako gastuei ere diru partida bat zuzendu behar diete, bataz beste, ikastetxe publikoetan 4.500 pezeta, konzertatuetan 8.500 eta pribatuetan 13.200.

Irregulartasun batzuk

Bestalde, Euskadiko Kontsumitzaileen Alkarteak ikasturtearen hasieraren inguruan dagoeneko zenbait irregulartasun atzeman du.

Horrela, ikastetxe pribatu batzuek hilabeteko kuotarekin batera ordutegitik kanpoko eta kirol zenbait ekitaldi aurrera eramateko diru kopuru bat ere kobratzen dute eta gero ekitaldi horiek batzuetan ez dira burutzen.

Era berean, ikastetxe eta gurasoen elkarte ugarik beraiek saltzen dizkiete liburuak eta materiala gurasoei.

Hau debekatuta dago, testu liburuak liburudendek edo saltzeko lizentzia atera duten merkatalgune handiek baino ezin baitituzte saldu.

Beste edozein egoeratan bezala, Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteak ikasturtearen hasiera liburuen eta materialaren prezioak merkatalgune desberdinetan gonbaratzea gomendatzen du, prezio merkeenean erosi ahal izateko.

Erositako gauzak urte batetik bestera erabili ahal izatea ere kontuan hartzea gogorazten da.

Zalantzaren edo kexaren bat izatekotan, beti bezala hoberena Kontsumitzaileen elkarteekin harremanetan jartzea da, gure udalerrian KIUB Kontsumitzaileentzako Informazio Udal Bulegoarekin edo URKOA Uribe Kostak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Alkartearekin.